XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Non ote dira? galdegiten zion bere buruari.

Zer gertatu ote zaie?

Ez zituen auzokoak asaldatu nahi izan.

Bere buruari esan zion onena zain egotea izango zela, beharbada nonbait atzeratu izan zitezkeelako.

Azkenean, Pulane, Lefa eta Leratok elkarrekin afaldu zuten, baina ez-oso gustora.

Haurrak, noski, afalondoan nekatzen hasi ziren, eta berehala lo hartu zuten.

Pulanek haurrak ohean sartu zituen, baina ondorengo isiltasunak barrua hartu zion eta ez zion bakerik ematen.

Hotsik txikienak ere ohetik jaikiarazten zuen, eta aldiro-aldiro presaka joaten zen leihora.

Oin-hotsak, eztulak, barre-algarak, elkarrizketak, autoak... horrek guztiak leihorarazten zuen, eta beti emaitza onik gabe itzultzen zen ohera.

Bitartean haurraren ondoan etzaten zen, lo hartu nahian, baina alferrik.

Noizbehinka esaten zion bere buruari Mmuso lagunak ikustera joana izango zela, baina barruko ahots batek ahopeka esaten zion haurra eramanez gero, hori ezinezkoa zela.

Azkenean, goizaldean, Pulanek lo hartzea lortu zuen.

Begiak ireki zituenean gela argi distiraz betea aurkitu zuen.

Burua, ordea, ilundua zuen, pentsamendu eta irudi ilunez betea.

Ezin zuen behar bezala pentsatu, burua logalez eta nekez abaildua zuen, eta bihotza astiro ari zitzaion taupadaka.

Etxean begiratu zuen, ea Mmuso iritsi ote zen bera lotan zegoen bitartean.

Inon ez zegoen.

Bat-batean bere buruari galdezka entzun zion:

- Mmuso, nora joan zara nire semearekin?

Ahotsaren oihartzunak ez zuen gelan erantzunik izan.

Osabaren familia jaiki zenean, Pulane haiengana joan zen, eta senarraz eta semeaz zituen kezkak eta beldurrak jakinarazi zizkien.

Minduta zeuden (...)